XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Informazioaren bilaketa

Energia berriztagarrien historia

Eguzki-energia

Eguzkia gurtzea ohikoa izan da erlijio asko eta askotan historian zehar.

Ez da alferrik argia eta beroa ematen diguna, hots, bizitzeko behar-beharrezko zaiguna.

Egia esan, Eguzkia energi iturri oparoa da, eguzkiaren erradiazioa eraldatuz gero energia nuklear kantitate ikaragarria lortzen baita.

Eguzki-energia erabiltzeko aukera oso erakargarria izan da betidanik injineru eta zientzialarientzat.

Euklides ikerlariak (K.a. III. mendea), optikari buruzko azterketak egiten ari zela, eguzki-erradiazioa bildu edo kontzentratzeko aukera aurkitu zuen; modu horretan, oso tenperatura altua lortzen zen.

Garai hartan bertan, Arkimedes ispiluz baliatu zen urrunean Sirakusarantz zetozen erromatar untzien belak erretzeko.

Filon Bizantziokoak (K.a. III. mendearen bukaera) termoskopio bat eraikitzean eguzki-energiak duen botere termikoa erabili zuen; termoskopioa termometroaren aitzindari bat dugu: airez beteriko tutua da, goialdea zigilatua du eta beheko muturra urez beteriko ontzi batean sartzen da.

Tutua eguzkitan ipiniz gero, barreneko airea hedatu egiten da eta, horren eraginez, ontzian dagoen uraren maila igo.

Errenazimentuan ere, eguzki-energia Filon Bizantziokoaren gisan erabiltzen zuten gailuak deskribatzen dira.

XVII. eta XVIII. mendeetan modu askotako lente eta ispilu parabolikoak eraiki ziren eta zeregin askotarako erabiliak izan ziren.

Horietako bat, ispilu su-eragilea, 1690ean eraikitakoa, buztingintza-labeetan energi-iturri gisa erabiltzen zen.

Baina XIX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera hasi ziren eguzki-energia ustiatzeko benetako ideiak sortzen.

Egiptoar baxuerliebe honek Akenaton faraoia irudikatzen du Eguzkiaren izpiak jasotzen; ondoan ditu bere emazte Nefertiti eta euren sei alabatako bat.

Sirakusak (Sizilia) aurre egin zion Erromatarren erasoari eta ispiluak erabiliz erre zituzten etsaien untziak.